Armarriko koroa
Saltar navegación

ZUBIETAko  Udala

2012ko maiatzaren 19a

OHITURAK ETA BESTAK

Zubietako herriko festak abuztuaren 15ean ospatzen dira, Amabirjin egunean.

Baina seguruenik iñauteriak dira gehien ezagutzen diren bestak.

JoaldunakIturen eta Zubietak elkarrekin ospatzen dituzte iñauteriak. Urtarrilako azkeneko asteko astelehen eta asteartean, eguerdi aldean, bi herriko joaldunak beraien desfilean hasten dira, astelehenean Iturenen, eta asteartean Zubietan.

Astelehenean, Zubietako joaldunak Iturenerantz abiatzen dira. Aurtizko auzora iristean, eta auzo horretako joaldunekin elkartu ondoren, Latsagako auzo aldera joango dira, eta "Zubiburu" parajean dagoen zubi gainetik pasa ondoren, Iturengoekin elkartu. 40-50 joaldunek Iturengo herriari itzulia emanen diote gero, 80-100 zintzarriren soinupean. Itzulia herriko plazan bukatzen da.

Hurrengo egunean, asteartea, Iturengo joaldunak Zubietara etortzen dira, eta hemengoekin elkarturik, herriari itzulia ematen diote.

Joaldunak bi lerrotan desfilatzen dute, mugimendu ritmiko eta pausatuekin, zintzarrien doinu bateratua lortuz. Naturari estu lotutako errito baten itxura hartzen du desfileak.

Lehenengo lerroan dagoen joaldunetako batek, adar bat jotzen du noizbehinka eta ohiu batzuk egin, horrela desfileari erritmoa jarriz.

Uste da, zintzarriekin lortzen den soinuarekin espiritu txarrak uxatzen direla eta inguruko lurretan lo dauden energiak iratzarri.

Pertsonai hauen jantziak bereziak dira: abarkak oinetan, ardi larrua bizkarrean, koloretako painuluak lepoan, zintaz betetako txapel koniko bat, zaldi ilez egindako isopo bat eskuan, eta bi zintzarri erraldoi gerrian lotuak.

Ituren eta Zubieta 3 kilometroz banatuta daude, eta nahiz eta biak joaldunen sorterriak izan, bakoitzak bereizgarri ezberdinak ditu zintzarriak mugitzeko moduan eta jantzietan.

Urtarrilaren 17an San Anton eguna da. Meza bat ospatzen da ermitan eta gero dantzaldia izaten da herriko plazan.